Azkenean, Irujorekin

28 / 07 / 2010 (Berria - Imanol Magro)

Iberokoari sendatu zaio eskuko zauria, eta Ibarrolarekin jokatuko du gaur Baionako Masterseko finalerdietan

Juan Martinez de Irujok Baionako Mastersa jokatuko du. Iberokoaren eskuko zauriak hobera egin du, eta gaur Modernen itzuliko da jaialdietara (18:00). Buruz buruko txapeldunak atzo gauera arte itxaron zuen erabakia hartu aurretik, eta Masterseko antolatzaileen lasaitasunerako baiezkoa eman zuen. Gaur Patrick Ibarrola izango du bikotekide, eta Xala eta Paxkal Ezkurra kontrario. Faborito garbirik gabeko partida da, ezker paretako bi pilotariak bikain moldatzen direlako trinketan, eta Eskupilotako bi kideak sasoi onean daudelako.

Irujok Baionan jokatu nahi zuen. Bi aldiz izan da Masterseko txapeldun, eta berriz ere ukitu nahi zituen Moderneko beirazko paretak. Iberokoak lau zentimetroko zauria egin zuen iragan ostiralean, Errenteriako aldagelako ateari ukabilkada emada, eta ezker paretako azken hiru partidak bertan behera utzi ditu. Atzo, baina, proba bat egin zuen goizean Mutiloabeitin, eta arratsaldean Txema Urrutia medikuarengana joan zen. Probaren ondoren baikorra zen arren, medikuarekin hitz egin nahi zuen, eta zauria nola babes zezakeen aztertu minik ez hartzeko.

Jean Marie Mailharrok, Masterseko antolatzaileak, ezker paretako hiru txapeldunak -Irujo, Xala eta Gonzalez- Baionan nahi zituen, eta azkenean lortu du. Irujok, gainera, titulua defendatzeko ardura izango du, iaz Sorhuetekin batera izan baitzen txapeldun, eta duela hiru urte Waltaryrekin. Bietan atzelari postuan jokatu zuen, eta gaur Ibarrolaren bizkarra zainduko du. Baigorriko ezkerra sasoi onean dago, eta lau aldiz izan da Baionako Masterseko txapeldun.

Xalak eta Ezkurra II.ak ere bikote handia osatzen dute. Iazko Mastersean, irabazi ez arren, Xala izan zen pilotaririrk onena, eta bere berezkoak ditu trinketako jarrerak. Sasoiko dago, gainera, oporretatik itzuli berritan. Alboan, Ezkurra II.a «gogotsu» dago, iaz min hartu eta ezin izan zuelako Baionan jokatu.

Atzelarien lana bereziki garrantzitsua izango da, antolatzaileek, sakearen eragina mugatzeko, frontisetik hamar metrora sakatzera behartuko baitituzte aurrelariak. Sakearekin min asko egiten da Modernean, eta neurri horrek eragin handia izango du jokoan. Harmailei dagokionez, gaurko partidarako 1.200 sarrera salduak daude dagoeneko, eta hori, ez direla merkeak kontuan hartu -35, 20 eta 25 euro-. Irujok eta Xalak, baina, ikusmina sortu dute, eta giro bikaina izango da Modernen. Gaurko irabazleek Gonzalez-Etxeto eta Waltary-Ozafrainen arteko biharko finalerdietako irabazleak izango dituzte aurkari igandeko finalean.

Gasteizen, bikote mistoak

Baionako feriaren ondoren, Gasteizkoa hasiko da, abuztuaren 5ean, eta bihar aurkeztuko dute. Bost jaialdi izango ditu, eta torneo bikaina diseinatu dute enpresek. Bikote misto bat egongo da gutxienez, eta baliteke partida bereziren bat ere egotea. Hori, baina, ez da buruz burukoaren errebantxa izango, Irujo eta Xala enpresa berekoak izanda ez delako hain erakargarria.